2011-02-09
Sagarra da Apple programa emititzen hasi da, otsailaren 7an, goizeko 7:30tan ETB3an
Otsailaren 7tik aurrera, Txirri, Mirri eta Txiribitonen saio berria ETB3n, goizeko 7:30
Laurogeigarren hamarkadan ETB sortu zenetik Txirri, Mirri eta Txiribitonek makina bat saio burutu izan dituzte euskarazko telebista katearekin elkarlanean: Don Don Kikilikon, Txirri, Mirri eta Txiribiton, Barre Busa, Altza Porru edota Trikitraka Trikitron.
Bidea luzea izan da, emankorra. Eta proiektu horiei guztiei esker Txirri, Mirri eta Txiribitonek sekulako eskarmentua lortu dute haurrekin eta haurrentzako telebista programak egiten.
Otsailaren 7tik aurrera hirukoteak etapa berri bati ekingo dio, “Sagarra da apple” saioarekin. Programa Miramonen grabatuko da, eta egunero emitituko da astelehenetik ostiralera, bai ETB 1en eta bai ETB 3an.
Euskara-ingelesa harremanarekin jolastu eta ikasi
Txirri, Mirri eta Txiribitonek dozenaka abesti sortu dituzte urte guzti hauetan. Eta abesti ezagunenetako batean honako pasarte hau kantatzen dute:
Sagarra manzana,
ikatza carbon,
mujer andria
ta hombre gizon.
Belaunaldiz-belaunaldi, Euskal Herriko milaka haurrek abestu izan dute pasarte hau. Eta hitz joku xinple horren bidez, neurri batean etxeko txikienek hizkuntza ezberdinen arteko harremana ulertu izan dute.
Txirri, Mirri eta Txiribitonek ETBn egingo duten saio berrirako, hori izango da proiektuaren zutabe nagusia: hizkuntza ezberdinen arteko harremana, alegia.
Euskararekin eta ingelesarekin jolastuko dugu, garai bateko “Sagarra manzana”, “Sagarra apple” bihurtuz.
Umorea eta musika izango dira abiapuntuak, baina programa bakoitzean, modu dibertigarrian, haurrek hainbat hitz ingelesez nola esaten diren ikasiko dute.